Gene Yurre. (Donostia 1928-2008). Euskal dantzari eta koreografoa, Donostian jaioa. Gerra Zibilean erbesteratua, txikitatik maite zuen dantza. Parisen hazi eta prestatu zen, eta hantxe hasi zuen mundu zabalera irekitzeko aukera eman zion dantza karrera oparoa. Jaioterrira itzulita, abentura handi bati ekion zion. Eskuzabaltasunez dena eman zuen ezeren truke, ezer itxaron gabe, ezer jaso gabe, bizitzan kolpe ugari jasota. Beti izan zuen jarrera bereizgarri hau: ekiteko borondate irmoa eta gogo bizia, hau da, ezer ezekin gailentzeko grina. Bere ibilbide artistikoa eta proiektu-bitala estu loturik gauzatu zuen.
DANTZARAKO BOKAZIOA
Eugenio Yurre Irureta, Gene Yurre izenaz ezagunagoa, euskal dantzari eta koreografoa izan zen, XX. mendeko lehen hamarkadetan jaiotako pertsonen belaunaldikoa. Hortaz,
nazioartean izandako gertaera historikoek markatutako bizimodua izan zuen, gerra eta
gerrarteko testuinguru geopolitikoen barruan: Espainiako Gerra Zibila, Bigarren Mundu
Gerra eta Franco jeneralaren diktadura.
Gene Yurre XX. mendearen bigarren erdialdeko hasierako dantzaren historiako pertsona
interesgarria da; aitzindaria. Ekarpen nabarmena egin zuen: dantza ikuspegi ireki eta
arduratsutik ulertu zuen, etengabeko bilakaera duen diziplinatzat hartuz, betiere lan-ildo koherente eta zintzoan oinarrituta. Gauzatu zuen dantza-ereduak tradizioen ondarean ditu sustraiak eta etorkizuneko garapenaren oinarriak finkatzeko asmoz loratzen da. Haurtzaroa eta gaztaroa erbestean bizi izanda, dantzari-karrera osoa atzerrian egin zuen.
Jaioterrira itzulita, urte zoriontsuak bizi izan zituen irakaskuntzan, prestakuntzan eta
sorkuntzan murgilduta. Alabaina, porrot egin zuen esku artean zeuzkan hainbat proiektu gauzatzeko ahaleginean. Herbehereetatik, Belgikatik eta Frantziatik hartutako eredu europar berritzaileak gurean ezartzen saiatu zen, baina egin zituen proposamenak ez ziren ulertu hemen, agian oso berriak zirelako garai hartarako, eta 80ko hamarkadaren hasieran Euskal Herrian ez zegoelako sentsibilitaterik dantza profesionalaren inguruan. Azkenean, hamarkadak beranduago, Yurreren proposamenetako batzuk gauzatu egin ziren, betiere beste izen batez. Dantzaren arloan, denbora igaro izanak ematen duen ezagutza aintzat hartuta, Gene Yurre euskal sorkuntza koreografikoaren erreferenteetako bat da, beste hainbat maisu eta ikertzaileekin batera. Izan ere, garbi ezarri zuen sustrai tradizionaleko dantza eszenatokiaren gainean zer den eta zer izan behar duen, ikuspegi etiko, estetiko eta erreflexiboan oinarrituta.
HAURTZAROA, ERBESTEA ETA BAKARDADEA
Gene Yurre 1928ko ekainaren 15ean jaio zen, Donostiako Parte Zaharreko Etxague
Jeneralaren kaleko 11.eko laugarren solairuan, itsasoaren ondoan, Salamanka pasealekutik gertu jaio ere. Seme bakarra izan zen, eta, ideia politiko eta sozialei dagokienez familia ezkertiarra zenez gero, giro horretan hazi zen. Haren senitartekoen artean inork ez zuen loturarik izan ez dantzarekin, ezta artearekin oro har ere. Ama, Rosario Irureta, Donostian jaioa zen, eta Egia auzoko Tabacalera fabrikan lan egiten zuen. Aita, Salvador Yurre, Arrasatekoa (Gipuzkoa) zen; lanbidez meatzeetako ingeniaria zen, eta ideologiari dagokionez militante-kide komunista.
Genek sei urte zituenean, lehen dantza-urratsak egin zituen Gran Kursaalaren etxabeetan. Gerra Zibila hasi zenean, zortzi urte zituela, gurasoek Amezketako amonarengana eraman zuten, biek ere Bilbora ihes egin zezaten. Gurasoengandik bananduta eta Durangon eta Gernikan izandako bonbardaketa izugarriak ikusita, amonak merkataritza-ontzi batean sartu zuen estatutik atera behar zituzten beste haur ugarirekin batera. Lehendabizi Santanderrera eraman zituzten denak, eta handik Frantziara.
Bordele inguruko Cadojac herrira eraman zuten, eta sei hilabete igaro zituen hango
gazteluan. Geroago, Behe Normandiako hiriburura lekualdatu zuten, Caen-era. Han, haurren babes-etxe batean bizi izan zen, eta hantxe Normandian dantza ikasten jarraitu zuen. Familia batek adoptatu zuen, seme-alabarik gabeko bertako senar-emazte batzuek adoptatu ere. Bi urtez bizi izan zen haiekin, eta familia hura utzitakoan haien artean sortutako adiskidetasun estuari eutsi zion; izan ere, urtero joaten zitzaien bisitan, hil ziren arte.
Geroago, Parisen erbesteratuta zegoen Eusko Jaurlaritzak “gerrako haurrak” esaten
zitzaienak erreklamatzen hasi zen, eta Parisko Château-Leon haur errefuxiatuen zentroan bildu zituen, erregimen irekian. Bigarren Mundu Gerran, alemaniarrek Paris bonbardatu zutenean, Gene Cadojaceko gaztelura bidali zuten berriz, gainerako errefuxiatuekin, eta hango eskolan eutsi zien dantza ikasketei.
MARKATUTAKO GAZTAROA
Aitak, “Goierri” batailoi errepublikazalearen frontean jardun zuen, Gironan. Han, tropa frankistek harrapatu eta Aljeriara bidali zuten, Djelfa-ko eta Garnier-eko kontzentrazio-esparruetara. Ama, berriz, kartzelara eraman zuten, salaketa faltsu baten ondorioz. Gurasoak galtzaileen alderdikoak izanik, luzaroan egon ziren hirurak bananduta. Azkenean, hainbat urte-hamarkadak geroago, Londresen elkartu ziren, Gene bira profesionala egiten ari zela. Ondoren, gure protagonistak berekin eraman zituen gurasoak Frantziara, eta han hirurak elkarrekin bizi izan ziren bost urtez.
Frantzian gizarte- eta kultura-arloan une bizi-biziak ziren garaian, Diaghilev-en Balleten
eklosioa eta diaspora gertatu zen, eta horrek “Parisko maisu errusiarrak” esan zitzaion
emigrazio-gertakaria ekarri zuen. Horri esker, Genek goi-mailako artistekin ikasi zuen
Parisen; esate baterako, Alexandre Volinine dantzari ohi eta pedagogoarekin dantza ikasi
zuen, eta Étienne Decroux aktore eta mimo frantsesarekin, mimo korporala. Joan-etorri
ugari egin zituen Paristik Normandiara eta Donostiara, oso baldintza txarretan. Horrez gain, gobernuari esker Normandiako kontserbatorioan dantza eskolak hartzen jarraitu zuen.
Noizean behin, Donostian egonaldi laburrak egiten zituen, eta batzuetan bere jaioterriko
talde amateurretan hartzen zuen parte. Esate baterako, José Uruñuelaren Schola Cantorum taldean hartu zuen parte, baita hura zatituta sortu zen Oinkari taldean ere; Biarritzen, Filipe Oihanburuk zuzentzen zuen Oldarra taldean eta hura zatitzearen ondorioz sortutako Etorki izenekoan; Parisen, berriz, hango euskal etxeko Gernika taldean hartu zuen parte, eta, han, euskal dantzako eskolak ere eman zituen, diru apur bat aterata bere egoera ekonomiko latza zertxobait arintzeko.
Espainiako nahitaezko soldadutza betetzea egokitu zitzaion, eta Murtziako Aire Akademia Nagusira joan zen. Frantziako gobernuak emandako diru-laguntza eta bekei esker Normandiako Kontserbatorioan dantzari-diploma lortuta, Murtziako egonaldia Dantzaren pedagogiako lizentziatura lortzeko aprobetxatu zuen, hiri hartako dantza-kontserbatorioan azterketa gaindituta. Soldadutza amaitutakoan, Parisera itzuli zen, bizimodua dantzari gisa ateratzeko helburu irmoarekin.
PARISKO MATRIOSKAK
Hala, dantzari profesionalaren ibilbideari ekin zion Parisen. Hain zuzen ere, lehen kontratuak Operan eta Olympian sinatu zuen. Ondoren, gero eta maizago sartu zen Châtelet, Champs-Èlysées eta Marigny antzokietako konpainien ohiko plantilletako dantza-taldetan, eta bere hainbat garaikideren ikuskizunetan hartu zuen parte, hala nola Maurice Béjart, Roland Petit eta Zizi Jeanmarie dantzari eta koreografoenetan, baita Marcel Marceau mimoarenetan, arte eszenikoen historian sartu diren artista handienetan, alegia. Karaktereko dantzarako zuen sena kontuan izanik, Irina Grjebina-ren balletak, Errusiako folklorea jorratzen zuenak, kontratatu zuen, solista gisa. Konpainiak errepertorio koreografiko zabala zuen, Pavel Virsky eta Igor Moisseyev estatu-maisuek sinatua.
Esaterako, Moldaviako, Georgiako edo Zaporogiako dantzak jorratzen zituen, Veriozka-tik hasita Krasnoiask-era artekora. Plantilla ugaria zuen, eta Europako iparraldean jarduten zuten bereziki. Genek rol-kategoria nabarmena zuen dantzarien artean, baina ballet hartan lan-baldintzak mugatuak zirenez, bide laburra izan zuen bertan.
Handik gutxira, balleteko dantzari-solista nagusietako hiruk, Genek berak eta kide eta lagun zituen Kostya eta Nika senar-emazte ukrainarrek, elkartzea eta ballet kosako txiki bat sortzea erabaki zuten. Balletari Les Ygrouchki izena eman zioten arren, gehienek “Pariseko matrioskak” esaten zieten. Hirukoteak nazioarteko bira ugari egin zituen, eta, horri esker, konpainia ez ezik, luzaroan iraun zuen familia artistikoa ere sendotu zen. Garrantzizko ekitaldi guztietan parte hartzera gonbidatzen zituzten. Emanaldi labur bezain biziak egiten zituzten garai hartako Frantziako aretoetan antzerki-programazioko joerei jarraiki.
GAILURRA ETA HELDUAROA
Etengabe bidaiatzen zuen garai hartan, gure protagonista Axun Lezetarekin ezkondu zen, eta, horrez gain, parte-hartze handia izan zuen Europako gune artistiko nagusitzat jotzen zen hiriko bizitza kultural aberatsean. Les Ygrouchki balleteko managerretako bat hainbat musikarien ordezkaria zen, eta haien bidez “chanson” deritzaneko kantautoreen
adiskide egin zen: Piaf, Brel, Brassens edo Gréco kantariekin; “Nouvelle vague” mugimenduko hainbat zinema-zuzendarirekin; Balenciaga eta Lipnitzki jostun,
diseinatzaile eta argazkilariekin; René eta Maeght galerietako artista errefuxiatuekin; baita Pariseko abangoardiako kide ziren euskaldun askorekin ere: Balerdi, Sistiaga eta Bonifacio pintoreekin.
Bere karrera profesionalak iraun zuen urte guztietan Pariseko Kléber etorbideko 47 bis eraikinean bizi izan zen, lagun eta auzoko izan zuen Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariaren etxebizitzaren gainean. Jardunean igaro zituen azken urteetan batez ere bira luzeak egin zituen mundu osoan barrena, hala nola Europan, Ameriketan, Ekialdean eta Asian barrena, eta hainbat hilabeteko egonaldiak egin zituen munduko hainbat tokitan, bereziki: Stockholm, Londres, New York, Buenos Aires, Mexiko, Suitza, Munich, Brasilia, Milan, Israel eta Japonia.
Bigarren alaba jaio zenean erabat utzi zuen dantzari-karrera, alabak ezgaitasun fisiko ugaria izaki Generi ezinezkoa baitzitzaion laneko zereginak eta etxekoak uztartzea. Gure protagonistaren erabakiak Les Ygrouchki balletaren ibilbidea une hartan amaitzea ekarri zuen, hirukoteak behin betiko desegitea adostu baitzuen. 1968ko maiatzean, ikasleen matxinadaren garaian eta Frantziako gizartea pil-pilean zegoela, familia jaioterrira itzuli zen, Euskal Herrira, bertan behin betiko bizitzeko eta alabari behar zituen zainketak eta arreta emateko asmoz.
EUSKAL HERRIRA ITZULTZEA
Donostiara itzuli zirenean Parte Zaharrean hartu zuten etxea, Jauregi Jeneralaren kaleko 18.ean, Mugiroko Markesari erositako etxebizitza batean. Hantxe ekin zion gure protagonistak ibilbide berri bati, dantza-maisu gisa. Garai hartan, gure herrialdeko kontserbadoreek estimu handian ez zuten lanean jardun zuen Yurrek. Atzerrian hartutako ideia eta kontzeptu berriek eragiten zien errezelorik handiena, pentsamolde itxiarekin talka egiten baitzuten. Hala baina, 1968ko udazkenean Kresala dantza taldea sortu zuen.
Oro har, Donostia hiri burgestu klasikoa zen, bizitzeko atsegina eta nahiko txikia, eta, beraz, ez zegoen oso irekita aldaketa handietarako. Salbuespen bakarra zenbait artistak osatzen zuten, aldi labur batean Euskal Eskolako arte esperimentaleko taldeen inguruan bildu zirenak, denak ere Oteizaren eraginpean bilduak, hura baitzen garai hartan euskal sorkuntza eta berrikuntza kultural eta sozialaren arloan sortu ziren proiektu kolektibo horien eta sortzen ziren beste hainbat proiekturen bultzatzaile eta sustatzaile nagusia.
Gure protagonista abertzalea izaki, Euskal Herriko bizitza artistiko eta kulturaleko
protagonistekin zeuzkan harremanak eta adiskidetasuna berreskuratu zituen, baita
Arantzazuko basilikaren inguruan sortua zen mugimendukoekin ere, hala nola Bitoriano Gandiaga, Jorge Oteiza eta Néstor Basterretxearekin, baita Gabriel Ramos Uranga, Remigio Mendiburu, Koldo Mitxelena, Mikel Laboa edo Gabriel Arestirekin ere.
SORTZEAREN BEHARRA
Besteak beste, Euskal Dantzarien Biltzarra dantza-elkartea sustatu zuen folklore-ikertzaile ospetsua Gaizka Barandiaran jesuitarekin batera. 1977an, Guillermo Areizaga Segurako alkatearen laguntzaz, Euskadiko dantza askatuko txapelketa sortu zuen, Euskal Herriko Dantza Txapelketa alegia. Horrez gain,
Aspace garun-paralisiko elkartearen sorreran hartu zuen parte, baita ikastolen mugimenduan eta askatasunen nahiz giza eskubide eta eskubide sozialen aldeko zenbait talde zibiletan ere.
Donostian dantza irakasle-lanetan aritzen zen garaian, karaktereko klaseak eman zituen
hainbat konpainietan maisu-gonbidatu gisa. Izen handiko eskoletan jardun zuen, hala nola Maurice Béjart-en Mudra eskolan, Bruselan; Claude Bessy-ren École de Danse izenekoan, Pariseko Garnier Operan; Rosella Hightower Centre de Danse International izenekoan, Cannesen; edo Jeanne Brabants-en Koninklijk Ballet van Vlaanderen izenekoan, Anberesen. Zentru haietan guztietan Yurrek Parisen emandako aldian, kide izandako dantzariak jarduten zuten zuzendaritzan edo ikasketa-burutzan.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko aholkulari teknikoa eta epaimahaikidea izan zen, eta atzerrian dantza ikasteko lehen bekak berak eman eta zuzendu zituen. Proposamen irmoa egin zion aldundiari: bekadunek ikasitakoa erakutsi behar zuten, Europako konpainia jakin batzuetako gonbidatuekin batera, beraiek protagonista izango zituen urteko gala batean Donostian. Adierazitako erakundea, ordea, ez zuen inoiz proposamen hura gauzatuz.
PORROTAK ETA DESENGAINUAK
Ordura arte lortutako jakintza euskarri, 1981ean, Kultura zuzendari Imanol Olaizolarekin batera, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Carlos Garaikoetxeari eta haren Kultura sailburu Ramon Labaieni Euskadiko lehen ballet nazionala sortzeko osoko proposamena aurkeztu zien.
Yurreren arabera, errepertorio eklektikoko konpainia izan behar zuen, eta nazioartean ospea zuen zuzendari batekin. Egoitza egonkorra, Donostiako Victoria Eugenia antzokia izango zena. Proiektua Anbereseko Frandriako Erret Balletaren eredua aintzat hartu eta moldatuta egin zuen. Erantzuna ezezkoa izan zen, izan ere 1982an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortzea erabaki zen, ballet nazionalaren kaltetan.
Ondoren, Yurrek Gidaria izeneko liburua argitaratu zuen, eta Pas de Basque eta Saut de Basque ikerketa proiektuak egin zituen Palais de l’Opéra-ko dantza-katedradun Mme.
Prudhomeau andrearekin batera, haiek egindako enkarguari erantzunda. Euskadin —
Donostiako Kontserbatorioan— dantza konparatuko ikerketa-katedra sortzea proposatu
zuen, Parisko Goi-mailako Kontserbatorioarekin lankidetza estuan jarduteko asmoz.
Alabaina, Donostiako Udalaren Zuzendaritza Batzordeak ezetsi egin zuen proiektua.
1983. urtean, Frantziako Zentro Koreografiko Nazionalen eredu sortu berriari jarraiki, azken proposamen bat egin zion Eusko Jaurlaritzari: hiru zentro koreografiko sortzea, lurralde historiko bakoitzeko bat, eta haiei loturik hiru ganbera-konpainia junior eratzea, betiere plan estrategiko orokor baten barruan, hiru aldundien artean ordain zitekeena. Atzera bota zuten. Etsita, gure protagonistak erretiroa hartu zuen, erakundeek lanbide-sektoreari laguntzarik ez ematearen ondorioz. Dantzaren mundua uztea erabaki eta diskrezio osoz isil-isilik aldendu zen arlo hartatik.
ILUSIOA ETA BERRELKARTZEA
Aspaldi alargunduta eta hiru seme-alaba bere kargura zituela, osasun-arazoak izaten hasi zen eta bihotz-ebakuntza larri egin behar izan zizkioten. Harrez gero, bere bizitza pertsonal eta afektiboa bereziki zaintzea erabaki zuen, eta bere funtzio publikoari dagokionez, Lakuako protokolo-arloan jardun zuen, Gasteizen, bere lan-bizitzaren amaierara arte. Eszenatokietako zuzendaritza-lanetatik hamar bat urtez aldenduta, bizimodu lasaia egiten zuen.
1993ko ekainaz geroztik, dantzarekiko lotura berritu zuen, Kresala taldearekin izandako
adiskidetasunari berriz helduta, taldeko zuzendaritza artistiko berriaren bitartez. Harekin batera, taldearen estreinaldi guztietan izan zen, pozarren, Donostian, Bilbon, Iruñean, Gernikan, Irunen edo Tolosan, besteak beste. Poz handia ematen zion Kresalak ekindako lan-ildo berriaren lekuko izateak, eta guztiz harro sentitzen zen 25 urte lehenago taldea sortu izanaz.
Geroago, hainbat erakundek omenaldiak egin zizkioten. Bereziki hunkigarria eta ahaztu ezina gertatu zitzaion Ajuria Enean jasotakoa, 2006. urtean, Gerra Zibilaren 70. urteurrena gogoratzeko, Eusko Jaurlaritzak, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren bitartez “gerrako haurrei” egindakoa. 2007ko udaberrian, M. Carmen Arrospiderekin ezkondu zen. Eta 2008ko urriaren 15ean, Gene Yurre hil egin zen Donostian. 2009ko maiatzaren 2an, Antzoki Zaharrean, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Dedikazio saria eman zion.
Faustino Aranzabal
Gene Yurreri buruzko biografi-testu labur hau “Gene Yurre bidegilea. Dantzaren menturan denboraren mugan 1928-2008” liburutik ateratako laburpen bat da. Gehiago sakondu nahi baduzue, liburua eskura dezakezue eskaera web orrialdearen bitartez eginez edo zuzenean Kresala elkartera bertaratuz. www.kresalaedt.com
Liburua: Dantzaren menturan, denboraren mugan
Edizioa: Kresala dantza taldea
Testuak: Faustino Aranzabal
Poemak: Joseba Sarrionaindia, Octavio Paz
Diseinua eta Maketazioa: ytantos
Moldiztegia: Gráficas Ulzama
Argazkiak: Boris Lipnitzki, Iosu Otaegi, Iker Azurmendi
Lehenengo edizioa: 2014ko azaroa
Laguntza: donostiakultura
ISBN: 978-84-936157-7-2 / Aleak: 300
SALNEURRIA: 20 euro, gehi bidaltze gastuak
ZUZENEKO SALTOKIA: Euskal Herria 9, Donostia